Berriak
BULLYINGA

Maiatzaren 2a, Bullyingaren aurkako Nazioarteko Eguna

Eusko Jaurlaritzaren Zeuk Esan zerbitzuak umeei eta gaztetxoei arreta emateko laguntza zerbitzua eskaintzen du, 24 orduz, 116111 telefono-zenbakian.
Argazkia: Pexels

Maiatzaren 2a Bullyingaren edo Eskola Jazarpenaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Mundu osoko ume eta gaztetxoek pairatzen duten arazo larria da, eta ezinbestekoa da horren inguruan hitz egitea, kontzientzia sortzea eta gizartea sentikor bihurtzea. Guztion konpromisoa eta parte-hartzea nahitaezkoa da, konpontzeko neurriak aurkitu eta sendotzeko.

Bullyingaren biktimek denbora luzez irainak, bazterketa, eraso psikologikoak edo/eta fisikoak jasaten dituzte, eskolan edo eskolaz kanpoko ingurunean. Azken urteotan, gero eta tresna gehiago jarri dira martxan jazarpenari aurre egiteko: irakasleentzako formakuntza berezia, eskola zentroetan protokolo zehatzak eta instituzio nahiz erakunde nagusien sentsibilizazio kanpainak euskarri guztietan, besteak beste.

Hala ere, lan asko dago oraindik egiteko, eta MAKUSIk prozesu horren agente izan nahi du.

Ikusi horren harira Potxek eta Lotxek eta Lorea Intxaustik grabatu dituzten bideoak.

Gogoratu, Eusko Jaurlaritzaren Zeuk Esan zerbitzuak haurrei eta nerabeei arreta emateko laguntza zerbitzua eskaintzen du, 24 orduz, 116111 telefono-zenbakian. Orientazio, aholkularitza eta informazioa ematen dute. Deiak doakoak eta anonimoak izateaz gainera, ez dute arrastorik uzten telefono fakturan.